San Mames denbora luzea darama ikasle eta unibertsitateko buruen arteko gatazken fakultatea izaten: euskaraz ikasteko ezintasuna, larunbateko azterketak, jardueren debekuak, ikasleen desalojoa… Bada orain horiei guztiei beste bat gehitu zaie, BIGET eta IITUE fakultateen fusioa dela eta unibertsitateko liburutegia itxi dutelako.
Erabakia ezkutuka hartu da eta ikasleei inongo iritzirik eskatu gabe. Ikasle askok astelehenean bertan, urtarrilaren 2an, jakin zuten liburutegiaren itxieraz azterketak prestatzeko asmoz bertara jo zutenean; aipatu behar delako itxiera azterketa garai erdian etorri dela.

Ia 3 hilabete iraungo duten lanak egingo dituzte liburutegian horren ordez San Mameseko unibertsitate bateratuko bulego eta idazkaritza jartzeko. Oraindik ez da argia soberan geratu daitekeen espazioarekin zer egingo den; gauza argi bakarra zera da, jada ez dela liburutegirik egongo San Mamesen eta ikasleek eraikin berrira jo beharko dutela.
Ikasleriaren haserrea nabaria da eta dagoeneko liburutegiaren aldeko iniziatiba antolatzen hasi dira unibertsitateko ikasle sektore asko. Azterketa garaiak dakartzan antolakuntza zailtasunak gaindituz hilabete amaierarako dinamika zehaztu eta otsaila hasierarako protesta eguna egitea dute helburu.
Hala ere, ikasleek ikasteko duten espazio eta baliabide falta ez da San Mamesera soilik mugatzen, Bilboko arazo orokortua da. Horren aurrean, duela gutxi Indautxuko Gazte Asanbladak zabalpen handia izan duen sinadura bilketa abiatu zuen:
Borrokek aurrera egiten duten heinean informatzen jarraituko dugu!