Aurtengo martxoaren 14an Bilboko Unibertsitateetako Ikasleen Asanbladek (BUIAk) antolatutako Herri Unibertsitatea desalojatu zuen ertzaintzak EHUren eskaerari jarraituz. Gertaerak oihartzun handia izan zuen; BUIAk gogorki salatu eta ikasleriak martxoaren 17ko mobilizazioarekin eta #SanMamesAurrera bezalako dinamikekin bere haserrea aurkezten saiatu zen.
Orain, bertan identifikatu zituzten 41 ikasleak isunak jasotzen hasi dira. Mozal Legea jarraituz Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 701€-rekin (601€ autoritateari desobedientzia +100€ espazio publikoaren okupazioa) zigortzen ari da bertan hezkuntza herrikoia defendatu zuen ikasle bakoitza. Identifikatu zituzten ikasle guztiek isuna jasoko balute 28.741€-a iritsiko litzateke ordaindu beharreko kantitatea. Orain arte 34 ikaslek jaso dute isuna baina, gehiago helduko direla espero da.

Uda garaian dauden antolatzeko zailtasunak aprobetxatuz bidali dituzte zigor ekonomikoak baina, ikasleak jada antolatzen hasi dira beraiek bakarrik pairatzen ez duten errepresio bortitz honi erantzuteko. Herri Unibertsitatea ikasleek gaurko hezkuntza sistema zapaltzailearen aurrean eraikitako alternatiba bezala defendatzen jarraitu eta Mozal Legeak dakarren askatasun galerari aurre egiteko dinamikak espero dira aurrerantzean.
Herri Unibertsitateari mozalik ez!