Martxoak 17 mobilizazio egun nazional bezala zuen jarria Ikasle Abertzaleak-ek; Euskal Herri osoan ikasleak kalera atera eta Euskal Eskola Nazionalaren proiektu komuna era desobediente batean bakarrik eraiki zitekeela erakusteko.
Bizkaian deitutako mobilizazioa 11:30tan abiatu da Bilbon Termibusetik, “Desobedientziaz eta eraikuntzaz, Euskal Eskola Nazionala” lelopean. Manifestazioa, zuzenean San Mameseko Ingeniaritza Eskolara sartu da eta eskola barrutik jarraitu du Von Siemens Plazaraino. Okupazio honen bidez, astelehenean bertatik Bilboko Herri Unibertsitatea kanporatu izana salatu nahi izan dute eta era berean, hezkuntza ereduen arteko talka azaleratu.
Goraino bete da Von Siemens plaza; eta irakurketa egin ondoren, ikasleak eskolan zehar banatu dira tailer ezberdinak aurrera eramateko: Hezkidetza tailerra, Beldurra kudeatzeko tailerra, LOMCE desobeditzeko tailerra, Herri Unibertsitate tailerra, Okupazio tailerra eta Pedagogia askatzailea.
Behin hauek bukatuta, plazan elkartu dira berriro eta Euskal Herriko gainerako hiriburuetan eman diren atxiloketen eta jazarpenaren aurrean erantzun bat ematea adostu da. Jarraian, ikasleak Hezkuntza Delegaritzara zuzendu eta errepide mozketa bat burutu dute bertan, Ertzaintza heltzean bukatutzat eman dena. Hala ere, agenteekin hitz egitera hurreratu diren hiru ikasle identifikatuak izan dira. Arratsaldean, Gasteizen eta Iruñean emandako atxiloketak eta jasandako errepresioa salatzeko kontzentrazioa egin da Deustun. Bertan bi ikasle identifikatu ditu Ertzaintzak.
Ikasle Abertzaleak-en eguneko irakurketa eta beste hiriburuetako edukiak hemen