M17altxa! Mobilizazio eguna

Martxoaren 17an baterajotze nazionala iragarri du Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak Euskal Herri osoan. Hona hemen Bizkaiko irakurketa eta manifestazio deialdia:

Hezkuntza herritik eta herriarentzat, hau izan da azken urteetan ikasle mugimenduaren aldarrikapen nagusia, zapalduon askapen prozesuaren mesedetara egongo den hezkuntza eredua, alegia. Jakin badakigu hezkuntza dela etorkizuneko jendartea eraikitzeko zutabe nagusia, baina ez gara honen jakitun bakarrak. Kapitalismo basatienaren ofentsiba berri baten testuinguruan, kapitalaren metaketarekin jarraitzeko elite ekonomikoek hezkuntzan egiturazko aldaketak egiteko bideari ekin zioten aspaldi. Estrategia horren itzulpen zuzena dira Bologna, EU2015, LOMCE eta Heziberri. Botere politikoaren kolaborazionismoa argia da, izan espainiar zein frantsez Gobernuak edota PNVk gidatutako Eusko Jaurlaritza.

 Ikasle Mugimendua milaka aldiz altxatu da hezkuntza eredu propio baten alde. Eraso eta erreformen aurrean baina, kontrakotasunaren diskurtso hutsetik eta egun bateko mobilizazioetatik haratago, ezinbestekoa da proiektu eta praktika zehatzetan sakondu eta berriak eraikitzea. Praktika alternatibo hauek izango dira erreformen aurrean hartu beharreko jarrera desobedientearen oinarria. Martxan jarritako eraikuntza prozesuan sakontzeko, beharrezkoa izango da alternatiba hauek egungo sistemarekin etengabeko talkan kokatzea eta talka hauek planifikatzen hastea. Apurtuz eraiki, eta eraikiz apurtzeko.

 Hezkuntza sistema hau diseinatu duten boteredunek etengabeko infantilizazio saiakeran ikasle sumiso eta akritiko nahi gaituzte, subjektu pasibo. Ikasleon aurkako erreformen aurrean aulkian eserita eta geldirik geratuko diren “gaztetxoak”. Azken erabakiek argi erakusten dute.

Erabakia ez da alderdi zehatz batena. PNV, PP, PSOE…denak dira sistema kapitalistaren txontxogilo, kolaboratzaile. Espainiako Gobernuaren eraketarekin atzera botako direnaren mamua zabaldu nahi izan badute ere, aplikazioa aurrera doa, hezkuntza komunitatearen hitzari entzungor eginez. Kale zein ikastetxeetan sortutako zalapartaren aurrean, isiltasuna nagusi da. Ez dakigu noiz, non eta nola izango diren aldaketak; kezka, larritasuna eta amorrua nagusi dira herritarron artean. Horrekin borrokak trabatu, noraez sentimendua zabaldu eta aliantzen aldeko estrategia zein bideak lokaztu nahi dituzte.

 Baina ikasle mugimenduak betidanik jakin izan du lokatz artean borrokatzen. Hezkuntza Sistema Propio baten alde lan egiteko hautua eta nahia argiak dira, horren adibide, Orioko Herri Curriculumaren lorpena, Desobeditzeko gida eta egunero-egunero ikasleon konpromisoari esker ikastetxeetan garatutako borroka txikien garaipenak. Bakoitzaren txikiak egiten gaitu handi.

 Oinarrizko hezkuntzaren bidez ikasle akritiko eta esaneko bihurtu ondoren, Unibertsitatean merkantzia kualifikatu bihurtzen gaituzte. Merkatuaren logikaren araberako hezkuntza saltzen digute, merkatuan balioa duten edukiak erostera behartu. Hausnarketa eta kritikarako espazioek ez dute lekurik, honek ez baitu produkzio kapitalistan baliorik.

 Kapitalismoak biziraupenerako eta merkatu berrien konkistarako estrategiak garatu behar ditu. Unibertsitatea merkantilizatzeko nahiari erantzuten diote bete-betean Bologna eta EU2015ek. Ikustea besterik ez dago zeintzuk diren hauen  ezaugarriak: tituluen homologazioa merkatu globalizatuaren baitan, ikasketa orduen “ordainketa” ECTS-en bidez, lehiakortasuna eta efizientzia bezalako kontzeptuen erabilera… eta beste hainbat adibide. Ikasteko gune izan ordez, langile prekario eta esplotatuak sortzeko fabrika da unibertsitatea.

 Munstroaren dimentsioak ez gaitzala beldurtu. Arrakala txikiak eginda erortzen dira paretak, kolpez kolpe txikitu izotza. Hitz polit eta lelo ponposoekin bakarrik ordea, ez dago ezer garaitzerik. Honek lana eskatzen du. Teoria eta praktika, antolakuntza eta borroka, ilusioa eta gogoa. Guzti hori badaukagu, badakigu. Merkatu logikatik kanpo antolatu, espazio askeak sortu, kritikotasunez gure inguruak aztertu eta eraldaketarako proiektuak sortzen jarraitu behar dugu.

 Klase, genero eta nazio zapalkuntzaren aurrean Herri bezala ditugun beharrei erantzuteko premia inoiz baino handiagoa da. Erronkari gogoz heldu behar diogu ikasleok, biharko egunean izan nahi duguna gaurdanik ekinez. Martxoak 17 hezigune guztietako borrokek bat egingo duten eguna izango da, baterajotze ederra. Hezkuntza sistemaren eraikuntza prozesuan lehen lerrora jauzi egin, inposaketak desobeditu eta alternatibak eraikiz prozesua bururaino eramateko bermea.

Asko dugulako borrokatu eta irabazteko, M 17 altxa!

 

Martxoak 17 bertikala

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s