San Mames Unibertsitateko Asanbladatik (SUA) Bilboko Ingenieritza Goi Eskola Teknikoan antolatu ditugun Ingeniaritza Jardunaldien berri eman nahi dugu. Jarraian duzue ilusio handiz osatu dugun egitaraua, gure formazio akademikorako aberasgarriak diren gaiak ikuspuntu ezberdinetik jorratzeko aukera ematen duena.
Hala ere, gure eskolako Akademi Antolakuntza eta Koordinazio Zuzendariordea den Susana Uriartek, jardunaldiak debekatu dizkigu horiek hasteko aste bete falta denean eta dena prest genuela. Gainera, ez digu inongo arrazoirik eman eta gurekin harremanetan jartzeko eskatu bagenion ere ez dugu erantzunik jaso.
Horretaz gain, hizlariekin harremanetan jarri da (gu kontuan hartu gabe) jardunaldiak bertan behera geratu direla esanez, eta horrela, benetan gertatutakoa ezkutatu eta asanblada leku txarrean utziz.
Horren aurrean, elkarretaratzea ASTELEHENEAN 15.00tan fakultateko SARRERAN IZANGO DA, bertan jardunaldiak aurkeztu eta gertatutakoaren berri emango dugu, 16.00tan lehen hitzaldia hasi aurretik. Deialdiaren garrantzia azpimarratu nahi dugu eta ikasleriari bertaratzeko gonbita egin ikasleon eskubideen aurkako eraso zuzena egin dela uste dugulako. Zailtasunak asko diren arren jardunaldiak aurrera ateratzeko lanean jarraitzen dugu:
- Gure formazio akademikorako interesgarriak direlako!
- Ikasleoi interesatzen zaizkigun gaiak lantzeko aukera paregabea delako!
- Bestelako ingeniaritza eredu bat eraikitzeko!
DENOK BATERA LORTUKO DUGU!
JARDUNALDIAK AURRERA!
San Mames Unibertsitateko Asanblada