3+2 erreformaren aurrean, Ikasle Abertzaleak:

                                        #StopEU2015 / O26 mobilizazio eguna

LOMCEren dekretu bidezko onarpena egin ondoren espainiar estatua buru belarri jarri da EU2015aren ezarpenarekin. Azken urteotako Bologna prozesuaren bidezko aldaketen, matrikula prezioen igoeren, beken murrizketen, ikasgai batzuen ezabaketaren eta abarren ostean, 3+2a da Hego Euskal Herriko ikasleoi gainera datorkiguna. Hau da, graduak 3 urtera murriztu, eta graduondoak 2 urtera luzatzeko ateak irekitzen dituen dekretua onartu berri dute (ohi bezala PPren gehiengoaz baliatuta). Hau ezartzerakoan ondorio zuzenak izango dira: graduen balioaren debaluazioa, prezioen igoera izugarria, merkatuen masterrekiko kontrola handitzea eta unibertsitateen arteko ezberdintasunak handitzea.

Graduen balioaren debaluazioa eta bere baitako eduki eta jakintzen sinplifikazioa. Izan ere, hiru urteko graduan, gaur egun jasotzen duguna baino oraindik formakuntza maila apalagoa eskainiko da, edota material bera kontzentrazio maila askoz handiagoarekin. Ondorioz, graduaz gain graduondokoa egitea beharrezkoa izango da gure burua lan merkatuan saltzen saiatzean lan duin bat lortzeko aukera izateko.

Prezioen igoera izugarria. Azken urteotan graduen prezioak igotzen joan dira, eta gainera hauekin alderatuta askoz handiagoa da graduondokoen prezioa. Ondorioz, ikasleriaren zati oso txiki batek egiten du graduondoko bat. Graduen urte bat kenduta, eta graduondokoei gehituta, urte kopuru berdinak prezio askoz altuagoa izango du.

Merkatuaren masterrekiko kontrola handitzea. Alde batetik, graduondokoa ordaintzeko beharrezkoa izango den dirua lortzeko bankuen “beka-maileguak” ugarituko dira, ikasleon etorkizuna hipotekatuz. Bestetik, masterretan enpresek duten presentzia eta eragiteko gaitasuna askoz handiagoa da graduetan dutena baino (euren izena duten masterrak sortzeko gaitasuna ere badute – “El Correo masterra” adibidez-). Graduek urtebete galdu eta graduondokoek irabaziz, askoz gaitasun handiagoa izango dute unibertsitate ikasketen osotasunean eragiteko.

Unibertsitateen arteko ezberdintasunak handitzea. Unibertsitate bakoitzak bere graduen iraupena erabakiz gero, unibertsitateen arteko ezberdintasunak ugarituko dira, baita 3+2 iraupena duten graduen eta gainontzekoen artekoak ere. Azkenean, enpresek eta espainiar estatuak 3+2 eredudun unibertsitateak bultzatuko dituztenez, besteak baliabiderik gabe ez geratzeko eta Europako goi hezkuntza esparruan “lehiatu ahal izateko” euren burua 3+2 eredua ezartzera derrigortua ikusiko dute.

Honen aurrean bi aspektu argi eta garbi utzi behar ditugu. Lehenenik eta behin, erreforma hau ez da inolaz ere inprobisatua (LOMCE eta Bologna bezala). EU2015 estrategiak ezarritako pribatizazio eta merkantilizaziorako bideari erantzuten dio, beste zerbitzu publiko batzuetan egiten ari diren egiturazko erreformen bide bera jarraitzen du. Erreforma hauen bidez, zapalkuntzetan sakontzeko bideari ekin nahi diote, gutxi batzuen interesen mesedera dagoen hezkuntza eredua indarrez ezarriz, Euskal Herri Langilearen interesen kontrako norabidean.

Bigarrenik, euren hezkuntzarekiko ofentsibari erantzuteko ez da nahikoa izango dekretu zehatzak (hau kasu) gelditzearen alde borrokatzearekin. Borroka molde ohikoez gain, herritik eta herriaren mesedera dauden hezkuntza proiektuak praktikara eraman behar ditugu (herri unibertsitateak kasu). Proiektuen arteko talkaren bidez kontraesanak handitu behar ditugu, tokia irabazten hasi behar dugu. Hitzetan soilik geratu edota egungoaren defentsa egiteak ez gaitu askapenerantz gidatuko. Euren erasoen aurka altxatzen garen ikasleok gure eredu propioa eraiki eta aurrera eramaten hasi behar dugu, lan bikoitzeko bide hori izango baita hezkuntzaren erroko aldaketara eraman ahalko gaituena: dagoena eta ezarri nahi dutenaren aurkako borroka, eta gurearen eraikuntza eta gauzapena uztartzen dituen bidea.

Hau guztia jasateaz aspertu gara, nahikoa da. Eraso honen aurrean ez gara geldirik geratuko. Otsailaren 11n sakonago argituko dugun bezala, otsailaren 26an kalera atera eta ordutik aurrera ikasleok eraikuntzara salto egingo dugula adierazi nahi dugu. Euskal Herrian herritik eta herriaren mesedera dagoen hezkuntza irabaztea gure oraingo erronka dela argi izanda, borroken intentsitatea handitu eta proiektuen arteko talkara jauzi egiteko garaia da. Ikasleok, ukatua izan zaigun subjektu papera hartu eta hezkuntza herriarentzat berreskuratzeari ekingo diogu! Presta gaitezen denok, irabaztera goaz eta!

Gora ikasleon borroka! Euskal Eskola Nazionala!

Irabaziko dugu!

Ikasle Abertzaleak

2015eko otsailaren 2an

Advertisements